Kroazierazko Wikipedia: Eskuin muturraren propaganda tresna? (II)

Aurreko post honetan hitz egin genuen Kroaziako ideologi testuinguruaz eta eskuin muturra nola islatzen zen kroaziar gizartean.

Baina nola islatzen da eskuin muturraren ideologia kroaziar Wikipedian?

Wikipedia bitxi honetan, hainbat talde dituzte jomugan, adibidez, Kroaziako serbiar etniako hiritarrak, komunistak/partisanoak, jugoslaviarzaleak (askotan “jugokomunista” edo “Jugoboltxebike” bezalako hitzak erabiliz, hau da, kroaziar komunisten kroaziartasuna ukatuz) edota gay eta lesbianen komunitatea; guzti hauek gupidarik gabe erasotuak dira.

Titori omenaldia Kumrovec bere jaioterrian. Ospakizun antifaxistak edo partisanoak kroazierazko Wikipediaren jomugan daude. (Iturria: sweetandsoursocialism.wordpress.com)

Kroaziako serbiarrei buruzko artikuluan (“Srbi u Hrvatskoj”), “Kroaziara etorritako valakiar (errumaniar) eslaviartuak” direla esaten du, “turkiar Inperioak asmo kolonizatzailez sustatutako immigrazio prozesu baten ondorioz” etorritakoak adibidez. Kroaziako serbiarren “garbitasun etnikoa” edo “eslaviartasuna” zalantzan jartzea eta “kanpotar” bezala markatzea argia da, eta are gehiago, kroaziarrekiko etsaitasun historiko baten agente bezala markatzea (1). Valakiar (errumaniar) hauek XVIII mendean Eliza Ortodoxoaren eraginez eslaviartzen hasi zirela dio artikuluak, eta 1860ko hamarkada arte “serbiar” hitza ez zela euren artean zabaldua, zabalkunde hau “Serbiar Estatuak (urte horietan) Serbia Handiaren ideiaren helburu politikoa lortzeko kroaziarren artean nortasun hau zabaltzen ihardun zuen” arte (serbiarra arrazoi politikoengatik asmatutako nortasuna bailitzan). Artikuluak serbiarrak “kanpoko potentziek kroaziarren kontra instrumentalizatu zituzten” ere badio, adibidez “hungariar agintariek babestutako kasta” izendatzen ditu XIX-XX mende aldaketa garaiko Kroaziako serbiarrak. NDHren serbiarren aurkako izu etnikoa 1941-1942 urteetara mugatzen du artikuluak, urte horretan “serbiarren aurkako neurriak bertan behera utziko zituzten” (noski, biktimen zenbakien jaitsiera iradokitzen dute) eta “serbiarren estatusak hoberantz egin zuen”. Kroaziako Errepublika Sozialistan, “pribilegiatuak” zirela dio artikuluak, Estatu-instituzioetan “gain-ordezkatuak” (eta noski, kroaziartasunaren eta kultura kroaziarraren etsaiak, nahiz eta Jugoslavia Sozialistak osatzen zuten herri guztiek kultur nortasuna babestu). Guzti hori gudari buruz hitz egin gabe, gudako Oluja (Ekaitza) Operazioan gertatutako 250.000 serbiarren garbiketa etnikoa “serbiarrek antolatutako” ebakuaziotzat jotzen du.

Serbiarren artean badira batzuk “tratamendu berezia” merezi dutenak. Horietako bat Josip Runjanin da. Runjanin XIX mendeko poeta izan zen, Antun Mihanović kroaziar poetaren “Lijepa naša domovino” (“Gure aberri ederra”) poemari musika jarri ziona. “Gure aberri ederra” gaur Kroaziaren ereserkia da. Hori dela eta, batere irainik ez Runjaninentzat… baina ez dute bere serbiar nortasuna aipatu ere egiten. Hemen agertzen da, ez bakarrik kroaziarren eta serbiarren arteko kooperaziorik egon zenik ukatzeko asmoa, baizik eta “serbiar” hitza irain bezala erabiltzekoa. “Txintxoa haiz, beraz ez zaitugu serbiar deituko, lotsagarria baita” da hemen erabiltzen den irizpidea (Runjaninen serbiar nortasunaren lekuko ditugu honek idatzitako beste poema batzuk serbiar abertzaletasuna goratzen dutenak).

Gay eta lesbianekiko mespretxua ere nabaria da; “gay ezkontza” perifrasia ezin daiteke inon ere irakurri kroaziar Wikipedian, izan ere, administratzaileentzat “oximoron hutsa” da hori. Beste alde batetik “genero ikasketak” artikulua ez da existitzen, “genero ideologia” (“rodna ideologija”) baizik, zein “joera komunistek eta utopikoak bultzatuta nortasuna puskatzeko asmo baten parte” omen den, “amatasunean eta aitatasunean oinarritutako nortasun tradizionalaren aurkako plan oldarkorra” omen delarik. Ikus, genero ikasketa guztiei ideologia jakin bat leporatzen diela artikulu honek.

Oposizio politiko zentro-ezkertiarra eta ezkertiarra (Tudjmanen kontrakoa) “taliban” bezala kokatzen du (“Detudjmanizacija” artikuluan), eta Kroazian eskuin muturreko ideologiaren inguruko salaketak “masoiek gidatutako konspirazio baten parte” direla dio Wikipedia bitxi honek.

Absurdoak ere esaten dira, adibidez, “jugokomunistek “kroaziar” adjektiboa hitz nazionalista gisa debekatu zutela”. Agerian dago halako esaldia absurdua dela, Kroazia Jugoslavia osatzen zuten errepubliketako bat izanagatik. Serbokroaziera (“Srpskohrvatski jezik“), hizkuntza gisa “jugokomunisten proiektu ideologikoa” zela esaten dute (2); zeinek “hizkuntza-batasunaren lelopean, serbieraren nagusitasuna bermatzen zuen”. Artikulu honen arabera, Jugoslaviaren pean, serbieraren aldaera “hizkuntza literario edo kultua” eta kroaziera “eskualde hizkuntza” gisa kontsideratua zen. Baieztapen gogorrak zein zentzugabekoak ere aurkitu daitezke: “hizkuntza-genozidio bezala kontsidera daiteke”.

1960an, serbiar eta kroaziar kultur erakundeek elkarlanean ateratako serbokroazierazko eskolarako eskuliburua. Kroazierazko Wikipediak, serbokroaziera kroazieraren aurkako “proiektu ideologikotzat” du. (Iturria: serbokroazierazko Wikipedia).

Baina kroaziar Wikipediaren administratzaileentzat, inor zomorro beltza bada, hori antifaxismoa da. Serbiako “Blic” egunkariak eta inserbia.com atariak diotenez, Wikipedia honek antifaxismoa “adierazpen askatasuna bezalako giza eskubideen aurkako mugimendu bezala” deskribatzen du, eta Kroazian gaur egun (batez ere 00 hamarkadatik aurrera) ematen diren borroka antifaxistaren eta haren oroimenaren aldeko omenaldi-ekitaldiak, “denon zergetatik ordaindutako ospakizun antifaxista-txetnikak” omen dira. Interesgarria da hemen, ospakizun hauek txenikekin lotzea. Izan ere, ospakizun hauetan omentzen diren borrokalariak Titok zuzendutako partisanoak izan ohi dira, ideologia komunistakoak eta Jugoslaviako nazio guztien askapenaren aldekoak. Txetnikak beste erresistentzia mugimendu bat ziren, partisanoendandik ezberdina eta hauen aurkaria: serbiar nazionalistak eta ideologia monarkikokoak (erbesteko Gobernu jugoslaviarraren aldekoak). Ospakizun antifaxista hauek eta txetnikak lotuz, badirudi Wikipediako egile hauen asmoa antifaxismoa edota Alemaniaren eta NDHren aurkako erresistentzia serbiar nazionalismoarekin lotzea edota serbiar esklusibotasuna leporatzea dela, antikroaziarra izango bailitzan. Benetan, partisanoak eta txetnikak elkarren etsai izan ziren, apenas egon zen bien arteko elkarkidetzarik okupanteen eta kolaborazionisten kontra. (3) Kroaziako legeek gaur egun antifaxismoari egiten dioten aipamenei (adibidez 2005ko “Adierazpen Antifaxista”) erreferentzia egitea ere zentsuratuta dago Wikipedia honetan.

Gaur egungoaz at, pasarte historikoak ere eskuin muturreko ideologiaz janzten dira bertan. Adibidez Jasenovac esterminio-esparrua (ehunka milaka pertsona hil ziren bertan, zenbakiak kalkulatzeko zailak diren arren), Tudjmanen antzera, “hainbeste hil ez zirela” eta “partisanoen erasoek beldurtutako zibil kroaziarrentzat babeslekua” ere bazela dio kroaziar Wikipediak. Aldi berean, presondegi-erregimena oso gogorra ez zela diote, “orkestra bat baitzegoen eta presoek futbol partidak jokatzen baitzituzten” wikilari hauen arabera (Jasenovacen zaindariek apustuak egiten zituzten nork preso gehiago hil; hildakoak enterratu gabe, errekara botatzen zituzten, eta aizto mota berezi bat (Srbosjek edo serbiar-moztailea) ere asmatu zuten presoak azkarrago hiltzeko; baina ematen du hori ez dela presoek noizbaiten futbolean jokatu zutenaren gertakari bezain garrantzitsua).

Mugimendu zein buruzagi ustašen inguruko artikuluak ere guztiz itxuraldatuta daude. Adibidez, ustaša mugimenduari buruzko artikuluan, ez dira “arrazista” edota “totalitario” hitzak agertzen, baizik eta “nazionalista erradikal” bezalako eufemismoak. Berdin NDH-Kroaziako Estatu Independenteari buruz: serbiarren kontra “genozidioa” egin zuenik (milioi erdi serbiarretik gora hil zituzten) ez da aipatzen. Ez da guztiz arraroa, kontutan hartzen badugu iturri gisa ustaša mugimenduaren fundatzaileetako bat zen Mladen Lorkovićen liburuak iturri gisa hartzen badira (Jutarnji List kroaziar egunkariaren arabera).

Ante Pavelić (eskuinean) Hitler bisitatzen. Kroaziar Wikipediaren arabera, ez Pavelić ez ustaša mugimendua ez ziren ez “faxistak”, ez “arrazistak” ez “kriminalak”. (Iturria: http://www.fantompowa.net)

Pertsonen deskribapenez gain, datuen kontrastean ere manipulazio argia dagoela ematen du. Adibidez, Ante Pavelić NDHko diktadoreari (“Poglavnik”) buruzko artikuluan behin ere ez da agertzen “krimen” (zločin) edota “kriminal” (zločinac) hitza. Josip Broz Tito, gudan jugoslaviar partisanoen erresistentziaren buruzagi eta guda ostean Jugoslavia Sozialistako lehendakari izandakoari buruzko artikuluan bost aldiz agertzen dira halako hitzak. Bestalde, txetnik mugimenduaren buru zen Draža Mihailovići buruzko artikuluan ere zenbaitetan agertzen dira hitzok (konparazioz, Adolf Hitlerri buruzko artikuluan birritan soilik agertzen dira hitzok). Pavelić “nazionalista erradikal” gisa deskribatzen zuten baita ere, baina ez “faxista” gisa; bere gustu artistikoak goratzen dituzten bitartean. Pavelići eskainitako artikuluan, “serbiarren estatusa hobetu” zuela esaten du, “azken finean kroaziar ortodoxo gisa ikusten zituelako”. Artikulu honetan bertan, ustaša mugimenduak “hasieran arraza-gorrotozko programarik ez zuen” esaten omen da, eta serbiarren kontrako jazarpenen erantzule nagusi gisa serbiarrak ezartzen ditu, “Estatuaren kontra matxinatzen zirelako”.

Pavelić ez da ustaša mugimenduko zuritutako buruzagi bakarra. Adibidez, Jasenovaceko esparruko komandante Vjekoslav “Maks” Luburić, kroaziar Wikipediaren arabera “ez zen hiltzaile patologiko bat, batzuek hala badiote ere” (nahiz eta Luburić Jasenovacen pistola batekin zebilen eta presoak nahi zuenean tirokatzen zituen). Ustaša armadaren elite-unitateak ziren Legio Beltzaren fundatzaile Jure Francetić, “militar ausarta” (“hrabar”) zela esaten du Wikipediak.

Partisanoak sistematikoki dira “kriminal” gisa iranduak edo hala iradokiak hr.wikipedian. Irudian, Tito Partisanoen Lehen Brigada Proletarioa ikuskatzen. (Iturria: http://ww2today.com/9th-june-1943-yugoslav-leader-tito-wounded-in-luftwaffe-attack)

Serbiako “Blic” egunkariak zein Kroaziako “Jutarnji List” egunkariak aipatu izan dute, kroaziar Wikipediaren arabera, Bigarren Mundu gudan partisanoek ustašek baino hiru aldiz jende gehiago hil zutela (kontutan izan behar dugu ustašek ehunka mila pertsona hil zituztela genozidioan eta esterminioan, ekintza belikoez at). Kroaziar http://www.tportal.hr webguneak ematen dituen datuen arabera, kroazierazko Wikipedian II Mundu Gudaren testuinguruan ustašek/Kroaziako Estatu Independenteak egindako masakre edota krimenei buruzko bost artikulu baino ez dira ageri. Txetnikek egindako krimenei buruz hogei artikulu ager daitezke; proportzio falta aunitz argia da, izan ere, biak mugimendu nazionalistak izanik ere, bigarren hauek ez zuten genozidio programa bat (ezta ere nahikoa botere militarrik ez eta baliabide edota azpiegiturarik). Hala ere, berriz ere zakurik astunena partisanoen bizkar ezartzen dituzte, partisanoen hilketei buruzko hogeita hamazazpi artikulu agertzen baitira!! (Hain zuzen ere jugoslaviar herri guztiak batzen zituen mugimenduaz hitz egiterakoan, arraroa gutxienez). (4)

Mile Budak idazle ustaša eta genozidioaren arkitekto ideologikoa. Oso positiboki azaltzen da bere papera kroazierazko Wikipedian: (Iturria: novosti.rs)

Azkenik, ustaša mugimenduaren ideologo eta NDH erregimenaren ministro Mile Budak gure Ivo Andrić baino idazle hobea izan zela esaten du hr.wikipediak. Budaken esaldi famatu bat izan zen “Kroaziako Estatuan milioi bat serbiar bizi dira. Horretatik herena katolizismora bihurtu eta kroaziartu egin behar ditugu, beste heren bat hemendik deportatu eta beste heren bat hil” (esaldi horren berririk ez dugu hr.wikipedian); zein NDHren politika ofiziala bihurtu zen serbiarren (eta beste gutxiengo etnikoen) kontrako genozidioa egikaritzeko. Andrić “gainbaloratua” zela esaten du hr.wikipediako artikuluak.

Polemika

Željko Jovanović Kroaziako kultur ministroak, ikasleei kroazierazko WIkipedia ez erabiltzeko deia egin dia. (Iturria: Novi List egunkaria)

Hautsak harrotu izan ditu arazo honek Kroazian, kontutan hartuz Wikipedia bezalako iturri erabilgarri batek gero eta jende gehiago erakartzen duela, batez ere haur eta gazteen artean. Hainbat pertsona kritiko agertu dira Kroaziako Wikipediaren ildoarekiko, eta gazteen hezkuntzarekiko, tartean lehen zatian aipatutako Klasić edota Gregović. Wikipediako kide ohi zen Pavle Močilacek ere ohartarazpen berdina egin du. Kultur eta Hezkuntza Ministro Željko Jovanovićek (SDP Alderdi Sozialdemokratako kidea berau) ere parte hartu du auzian, eta ikasleei kroazierazko Wikipedia informazio iturri gisa ez erabiltzeko eta haren ordez ingeles bertsiokoa erabiltzeko gomendatu die. Jovanovićek “Informazio iturri erreferentzial, zabal eta neutral gisa, Wikipediak Kroazian ez du batere sinesgarritasunik. Kroaziar ikasleak denbora luzez ideia honen inguruan tronpatuta egon dira; eta hau jakinaraztea gure betebeharra da” esan du Rijeka hiriko Novi List egunkariari eginiko elkarrizketa batean.

Hrvoje Klasić historigileak gaur egun Kroaziako gizartean dauden eskuin muturrareko joerak 90 hamarkadan Jugoslavia Sozialistaren kontrako errebisionismoarekin lotzen ditu. (Iturria: tportal.com).

Wikipedian ere hautsak harrotu ditu afera honek. Izan ere, ingelerazko Wikipedian eztabaida zabala ari da “Kroaziar Wikipedia” (Croatian Wikipedia) artikuluan. Beste alde batetik, ingelerazko Wikipedia horrek “Eskuin muturra Kroazian” artikuluan (Far Right in Croatia) ere agertu da kroaziar Wikipediari buruzko aipamena. Bukatzeko, Jimmy Wales Wikipediaren fundatzaileak esan du “serbiarrek eta kroaziarrek ez dutela bi Wikipedia izan behar” (bosnierazko eta serbokroazierazko Wikipediak ere badaude).

Bonus track: Serbofobia ez da soilik Kroazian edota Balkanetan ematen. Berriki, Espainiar Estatuan adibide bi izan ditugu: lehenik Pilar Rahola kazetariak, independentismo katalanaren aldekoak, “Espainia, Erresuma Batua izan ordez, Serbia izatea aukeratu du” esan du, katalan autodeterminazioaren auziarekiko Espainiaren auzia kritikatuz (Erresuma Batuak Eskozian independentzia kontsulta egiten uztearekin konparatuz). Erantzuna Hermann Tertsch kazetari espainolistaren aldetik etorri da. Honek Raholari “zuek zarete serbiarrak” erantzun dio eta katalan nazionalismoa “nazionalismo etniko eta espantsionista” gisa serbiar nazionalismoaren baliokide dela jarri du. Bi kazetari hauek Balkanen inguruan duten ezjakintasuna agerian geratu da, baina badirudi hori ez dela oztopo izan “serbiar” jentilizioa irain bezala erabiltzeko; are gehiago, nazionalismo ezberdinen koloreak gora-behera, eskuinarekin eta Mendebaldearen hegemoniarekin (Mendebaldekoak omen dira demokrazia bakarrak, eta demokrazia kontzeptu hori babesteko/zabaltzeko militarki esku hartzeko eskubidea dute) identifikatzen dira. Hegemonismo horrek 1999an NATOren erasoaldi batetara eraman zuela kontutan harturik, hobe egingo lukete bi “ideologo” hauek kontzientzia-azterketa bat egingo balute.

Oharrak:

(1)  Egia da valakiar populazio kopuru handi batek Erdi Aroan Balkanetara immigratu zuela, baina bertako herri guztietan integratu ziren (baita ere serbiarrengan, baina ez bakarrik; baita ere kroaziarrengan, turkiarrengan, greziarrengan, bulgariarrengan, mazedoniarrengan eta abar; oraindik euren nortasuna eusten duten valakiar gutxiengoak badaude). Bestalde ez da egia Kroaziako serbiar populazio osoa valakiar immigrazio honen ondorengo denik.

(2) Jugoslavia garaian kroaziarrek eta serbiarrek hizkuntza bakarra hitz egiten zutela baieztatzea zen ildo ofiziala, hizkuntzari “serbokroaziera” deituz. Gaur egun, Kroazian, “kroaziera” eta “serbiera” hizkuntza ezberdinak direla baieztatzea da ildo ofiziala.

(3)   Kontutan izan behar dugu “txetnik” hitza 1990ko hamarkadatik aurrera serbiarren kontrako irain bezala erabiltzen hasia zela.

(4)  Kontutan izan behar dugu baita ere, Wikipedia aldatu eta editatu egin daitekeela. Artikulu hau idazten hasi ginenean, aldaketa batzuk eman dira, agian zurrunbiloa dela eta. Adibidez, elkarte honen egileak azken aldiz konprobatu dutenaren arabera, orain Pavelići buruzko edo ustaša mugimenduari buruzko artikuluetan “faxista” hitza agertzen zen eta Francetići buruzko artikuluan “ausarta” hitza jada ez da agertzen (horrek ez du esan nahi ildo orokorra aldatu denik).

Oxandabaratz

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s